ALBISTEAK|

Gutxi hitz egin da azken aldian kultura izaten ari den txakalaldiaz. Mauletik Oionera, hitz egiten duzun lekuan hitz egiten duzula, guztiek aipatzen dute publiko eskasia. Bizitzen ari garen aro ilunak, oso egunerokotasun hauskorra marrazten digu, batez ere lehendik ere prekarizatuta zegoen sektore batean gabiltzan jendeari.

 

Honek hainbat irakurketa izan ditzake, baina... Demagun herri bat, pertsona bat izango balitz bezala hartzen dugula. Bere egoera fisikoa, artikulazioak eta giharrak, kirolaren bidez landuko baditu, izaera, izana eta kontzientzia, kulturaren bidez landuko ditu. Baina ez zaigu iruditzen maila berean zaintzen direnik bata eta bestea. Bururik ez duen herri bigorexikoa bihurtzera bideratzen gaituzten erabakiak hartzen dira etengabe, publiko eskasiari errua botaz, lanketa faltari bota ordez.

 

Herriz herri dauden azpiegituren balantze bat egitea besterik ez dago honetaz jabetzeko. Kirol instalazioak berritzeko aurrekontu berriak atera ohi diren heinean, eskolako patioko kantxa txikiaren neurrikoa den instalazioetan garatzen da kultura herri askotan. Kultur eragileen gain utzi ohi da erantzukizuna, gure lana, gure buruen sustengu hutsa izango balitz bezala. Lan horrek ardura kolektiborik ez balu bezala.

 

Kulturak gure bizi moldeak zalantzan jartzen ditu. Besteen artean, hori du bere egitekoa. Eta ispilu hori ez da beti atsegina izaten. Horregatik ote da hain hauskorra?

 

Gure partetik, ilusioz eta gogoz, zenbait proiektu berrirekin hasiko dugu urtea. Euria ari duen arren, ohituta gaudelako eguratsari aurre egiten.

 

Urte berri on bat denei, eta besarkada bana!

 

AMUA.

Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?.

ANTZEZLANAK BIRAN|

Artedrama. Arte Eszenikoen Plataforma.                                      Tel.: (+34) 615 77 95 11  .  (+34) 636 552 244

info@artedrama.com